Kiroldegiko teilatuko lanak bukatuta, BixtuBerak martxan du bere lehenbiziko instalazio fotovoltaikoa

50 herritarrek eta Herriko Etxeak elkarlanean egin dute inbertsioa BixtuBera energia komunitateak eta Berako Herriko Etxeak elkarlanen instalazio fotovoltaikoa paratu dute kiroldegiko teilatuan. Lanak joan den urrian egin dira, eta orain, energia sarera konektatzeko tramitazioarekin ari dira, instalazioa produzitzen has dadin.

Berako Udalak eta BixtuBerak erdibana egin dute 63.251,93 €-ko inbertsioa, eta sortuko den energia ere erdibana banatuko da. Udalak bere jabetzako hainbat instalazio hornitzeko erabiliko du energia, eta BixtuBerako 50 bazkidek baliatuko dute energia, bazkide bakoitzak egindako inbertsioaren arabera.

Instalazioak 102,375 kWp-ko potentzia edukiko du. 175 eguzki-panel jarri dira kiroldegiko hegoaldeko teilatuaren azalera osoa hartzen dutenak. Sortuko den energiaren % 80 baino gehiago autokontsumitzea espero da, eta soberakina sarera itzuliko da. Inbertsioa egin dutenen argindar kontsumoaren % 22 inguru sortzea aurreikusten da. Instalazioari esker, urtean 28 tona CO2 gutiago isuriko dira.

Egitasmo honekin BixtuBera energia komunitateak bere lehenbiziko instalazioa paratu du martxan. Herritarrak sentsibilizatu eta informatzen segiko du, ekimen desberdinen bidez, eta heldu den urtean bigarren instalazio bat martxan paratu nahi lukete. Horretarako bazkide berriak beharko ditu.

Energia oinarrizko eskubidea aldarrikatzeko, energia-enpresa handiekiko mendekotasuna gutitzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko helburuarekin sortu zen kooperatiba, eta gaur egun 70 bazkide ditu. Energia-burujabetzan urrats gehiago egiteko asmoa du, eta kontsumo arduratsua eta jasangarria bulkatu nahi du, kontsumo-ohituretan eraginez. Funtsean, klima-larrialdiaren aitzinean tokiko neurriak hartu nahi ditu, Bera energia berriztagarrien eremuan erreferente bihurtzeko.